Esperientziazko ikaskuntza ideia sinple baina indartsu batetik abiatzen da: haurrek hobeto ikasten dute parte hartzen dutenean, esperimentatzen dutenean eta egiten dutenaren gainean hausnartzen dutenean.
Aisialdi eta denbora libreko programak ikuspegi parte-hartzaile, inklusibo eta iraunkor hori aplikatzeko toki ezin hobeak dira. Ludotekek entretenitzeko espazio huts izateari utzi diote, eta jolasak ikaskuntza esanguratsurako aukera bihurtzen diren ingurune sozio-hezigarri bihurtu dira.
Esperientziaren, jakin-minaren eta ekintzaren bidez, haur bakoitza bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista bihurtzen da. Erabakiak hartzen, taldean lan egiten eta aurkitzen dutena ingurunearekin lotzen ikasten dute. Honek autonomia, enpatia eta sormena garatzen laguntzen du, hazkunde osorako ezinbesteko hiru faktore.
Ludotekak, gainera, espazio seguruak dira, non akatsak egin, probatu, irudikatu eta sortu daitekeen; sarri hezkuntza-testuinguru formaletan falta den zerbait.
Metodo bat baino gehiago, eginez ikastea mundua begiratzeko, esploratzeko eta, batez ere, etorkizunean hura eraldatzeko tresnak eskuratzeko modu bat da.
Helburu duten esperientziak diseinatzea
Hezkuntza-aisialdiko jarduerak dibertigarriak izan behar dute, bai, baina baita zentzu pedago eta sozialadunak ere. Birziklapen tailer batek, adibidez, materialekin esperimentatzeko aukera ematen du eta, aldi berean, gure ekintzek ingurunean duten eraginaz jabetzeko. Era berean, auzoko, herriko edo hiriko jaiekin modu aktiboan parte hartzeak lankidetza sustatzen du eta komunitatearekiko pertenentzia-sentimendua indartzen du.
Esploratuz, erronkak gaindituz eta esperientziak partekatuz, txikienek kontzeptuak ezagutzen dituzte, gaitasunak garatzen dituzte eta bizitzarako oinarrizko balioak barneratzen dituzte.
Hezitzailearen edo begiralearen funtzio giltzarria
Hezitzaile edo begirale figuren rola funtsezkoa da. Haien eginkizuna ez da gidatzea soilik, baizik eta laguntzea, motibatzea eta jakin-mina zein ikasteko gogoa pizten duten esperientziak erraztea. Aurkikuntzaren bitartekari gisa jarduten dute, haur bakoitza entzuna, baloratua eta gai sentitzen den inguruneak sortuz.
Hazteko espazioak
SOINHEZI-n uste dugu denbora librea aktiboa, integrala, progresiboa, askatzailea, sozializatzailea eta eraldatzailea izan behar dela, eta txikienen garapen fisiko, emozional, sozial eta intelektuala sustatu behar duela.
Gure helburua da ongizate kolektiboko espazio parte-hartzaile, berdinzale, inklusibo, anitz eta euskaldunak eraikitzea.
Jolasaren bidez, autoestimua, pentsamendu irekia eta malgua, eta elkarlana sustatzen ditugu, elkarbizitzaren eta ikaskuntza partekatuaren oinarri gisa.








