Indarkeriazko portaerak ukatzeko edo gutxiesteko joera hau bai mutilengan bai neskengan ari da handitzen.
Oenegé Plan Internationalek berriki argitaratutako Así somos. El estado de la adolescencia en España txostenaren arabera —12 eta 21 urte bitarteko 3.500 neraberi egindako inkestan oinarritua (Z eta Alfa belaunaldiak)—, horien %22k onartu dute tratu txarrak edo indarkeria matxista jasan dutela, eta heren batek adierazi du inguruko norbaitek antzeko egoera bat bizi izan duela.
Testuinguru honetan, deigarria da ikerketako parte-hartzaileen %71k irmoki gaitzesten badu ere norbaitek bere neska-laguna jotzea, mehatxatzea edo sexu-harremanak izatera presionatzea, mutiletatik %30ek ez dutela erabateko gaitzespenik adierazten, eta neskatan portzentajea %20 dela.
Jarrera kontrolatzaileak ere justifikatzen dira. Adibidez, ia mutil eta nesken %50ek onargarritzat jotzen dute noizbait neska-lagunaren mugikorra arakatzea edo uneoro non dagoen jakin nahi izatea.
Datuek gehiago diote: mutiletatik %72 kezkatuta dago sexu-jazarpenagatik edo genero-indarkeriagatik bidegabeki salatua izatearekin. Horrez gain, batzuek indarkeriazko portaera batzuk minimizatu eta justifikatu egiten dituzte eta adierazten dute beren generoak “pribilegioak” galtzen ari direla.
IAren arriskuak
IAren erabilerak —beren bizitzetan oso presente dagoen tresna batek— indarkeriaren formula berriak gehitzen ditu: nerabezaroan dauden nesken %84k beldur dira beraien irudiak eduki sexual faltsua sortzeko erabiliko ote diren.
Hezkuntza digital, emozional eta efektibo-sexual gehiago
Datu hauek ikusita, ez dirudi indarkeria eta berdintasunaren inguruko hezkuntza-politikak eta sentsibilizazio-kanpainak argi iristen ari direnik gazteei. Aitzitik, feminizmoaren aurkako eta gorrotozko diskurtso bortitzak indartzen ari dira, eta arazoaren fokua salaketa faltsuetan jartzen dute. Horrez gain, porno oldarkor eta mizoginoaren sarbide errazak portaera matxistak sendotu egiten ditu.
Horren aurrean, premiazkoa da adin goiztiarretatik hezkuntza digitala, emozionala eta afektibo-sexuala curriculumean txertatzea, eskubideetan eta genero-ikuspegian oinarrituta.






