Bakardadea bizitzako etapa desberdinetan senti daiteke, baina haurtzaroan edo nerabezaroan luzatzen denean, ondorioak izan ditzake garapen emozionalean, sozialean eta psikologikoan.
Etapa horietan —bereziki nerabezaroan— gure identitatea, autoestimua eta harremanak osatzen ari gara, eta, horregatik, dena intentsitate handiagoz bizitzen da. Garai horretan familiarekiko pixkanakako urruntzea hasten da, munduan gure tokia bilatzeko; eta prozesu hori ez da beti erraza izaten. Aldaketetara egokitzeko edo taldean integratzeko zailtasunak agertzen badira, bakardade-sentsazioa agertzeko arriskua handiagoa da. Izan ere, hainbat ikerketak diote nerabeen %21 eta %70 artean noizbait bakarrik sentitzen direla, eta %3 eta %22 artean ohikotasunez bizi dutela egoera hori.
Sentimendu horiek behar bezala lantzen ez direnean, arrisku garrantzitsuekin lotu daitezke: antsietatea, depresioa, autoestimu baxua, lo-arazoak, besteak beste. Epe luzera osasun fisikoan eta mentalean ere arrastoa utz dezakete.
Babes-faktore giltzarriak
- Familia-harreman sendoak izatea, komunikazio irekiarekin eta hurbiltasun emozionalarekin, bakardadearen aurrean babes-funtzioa betetzen dutenak.
- Lagunekin lotura positiboak izatea, pertenentzia-sentsazioa indartzen dutenak eta isolamenduaren pertzepzioa murrizten dutenak.
- Gaitasun sozialak garatzea, benetakoak zein pertzibituak, ingurune sozialean osasuntsuago integratzeko lagungarriak direnak.
Mugikorren rola
Teknologiak konektatzeko aukera ematen du, baina benetako lotura faltsua sortu dezake eta aurrez aurreko harremanak —familiarekin zein lagunekin— murriztu. Mugikorren gehiegizko erabilerak —batez ere adin txikitan— isolamendua areagotu dezake.
Beste faktore batzuek, hala nola testuinguru sozioekonomikoak edo laguntza emozionalaren faltak, bakardade-sentsazioa larriagotu dezakete. Hala ere, gurasoen eta seme-alaben arteko harreman estu eta maitekor batek alde handia egin dezake.
Bakardadea ez da beti ikusten, baina bai sentitzen
Horregatik, ezinbestekoa da arlo guztietatik (familia, hezkuntza, gizartea) egoera hori antzematea. Taburik gabe horretaz hitz egitea eta haur, neska-mutil eta nerabeak lagunduko dituzten sareak eraikitzea, haien etorkizunerako funtsezkoak diren etapa horietan.








