Urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean, belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko eta estereotipoak indartzen dituzten konfrontazioak saihesteko beharra jarri nahi dugu erdigunean.
Azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman ditugu zahartzaroa ikusteko eta bizitzeko moduan. Gaur egun, erretiratutako edo erretiroaren atarian dauden pertsona nagusiak aktiboak dira, proiektuak dituzte, ikasteko gogoa eta ekarpenak egiten jarraitzeko borondatea. Hala ere, gizarte-perzepzioan izan den aurrerapen hori gorabehera, estereotipoak oraindik ere indartsu dira. Oraindik bidea dago aitortza eta ahalduntzea behar bezala jaso dezaten.
Testuinguru honetan, joera bitxi eta kezkagarri bat sortu da: baby boomer deiturikoak (1946 eta 1964 artean jaiotakoak) jomugan jartzea, gazteriari eragiten dioten arazo larri batzuk aipatzen direnean: etxebizitzarako sarbide zaila, lan-prekarietatea edo ziurgabetasun ekonomikoa. Esaten da, esaterako, etxebizitzak pilatzen dituztela, lan-merkatu egonkorragoa izan zutela edo beharrezko aldaketak blokeatzen dituztela.
Diskurtso horrek, belaunaldiak bata bestearen aurka jarriz, arrakala handitu eta aurreiritziak indartzen ditu. Konponbideak ekarri beharrean, benetan garrantzitsua den horretatik aldentzen gaitu: politika publiko ausart eta eraginkorren beharra.
Pertsona horietako askok bizitza osoan gogor lan egin dute, sistemaren sostenguan ekarpena egin dute eta oraindik ere seme-alabentzat eta bilobentzat laguntza ezinbestekoa dira, batzuetan ekonomikoan ere bai.
Behar duguna da zubiak eraikitzea. Bidean gehiago ibili direnen esperientzia, jakinduria eta erresilientzia aprobetxatzea ere bai. Erronka handiek –etxebizitza, ingurumen- eta gizarte-iraunkortasuna barne– guztioi eragiten digute, adina kontuan hartu gabe.
SOINHEZI-n irmoki uste dugu errespetutik eta lankidetzatik soilik lortuko dugula gizarte bidezkoago bat, non belaunaldi bakoitzak bere onena emango duen eta bere burua aktibo eta garrantzitsutzat sentituko duen.








