Zahartzaroa gainbehera kognitiboarekin lotu ohi da. Hala ere, denborarekin urteak pilatzeaz gain, esperientzia eta egonkortasun emozionala ere pilatzen ditugu, eta horrek indar berriak ematen dizkigu.
Ez dago zahartzarorako bide bakarra
Zahartzea “maldan behera” moduko bat dela dioen ideiak ez du pertsona guztien errealitatea islatzen. Egia den arren 60 urtetik aurrera aldaketa kognitiboak nabaritzen hasten direla, ez dago zahartzarorako bide bakarra, esperientzia mental sorta infinitua baizik.
Zahartze arrakastatsua etengabeko aztergai bihurtu da. Etapa honetan gertatzen diren aldaketa fisiko eta psikikoak izan arren, jende askok zorroztasun kognitiboa mantentzen du. Eta horretan genetikak %30etik %50eko papera betetzen badu ere, zure bizitzarekin egiten duzunak, hartzen dituzun erabakiek, funtsezko garrantzia dute.
Beren osasun fisikoa zaintzen, bizitza sozial aktiboa mantentzen eta ongizate emozionala kudeatzen duten pertsonek garun osasuntsu batekin zahartzeko aukera handiagoa dute.
Garuna aldatzen da, baina hobetu ere egiten da
Zahartzeak garunean aldaketa batzuk ekartzen ditu, hala nola, lobulu frontalak txikitzea edo neurona-konexio batzuk gutxitzea, nahiz eta orokorrean eguneroko bizitzan eragin nabarmenik ez duten. Baina adinarekin, garunaren eremu berriak ere aktibatu egiten dira eguneroko zereginak egiteko, eta konexio berri hauek garun gazteago batekoak bezain azkarrak ez badira ere, funtzionatzen dute.
Gainera, urteetan pilatutako jakituriak zenbait alderdi hobetu ohi ditu, hala nola emozioen erregulazioa edo gatazkak konpontzeko gaitasuna. Izan ere, esperientzia honek arazoak ikuspuntu ezberdinetatik aztertzeko eta jardun aurretik faktore desberdinak kontuan hartzeko aukera ematen digu.
Azken batean, zahartzea eboluziotzat hartu behar dugu, esperientziak eta egonkortasun emozionalak indar berriak ematen dizkigun bizitzako beste etapa bat.
Gorputza eta burua zaindu
Fisikoki sasoian egotea garrantzitsua den bezala, zahartze aktibo eta osasuntsurako memoria entrenatu, hobetu, optimizatu eta estimulatzea ere garrantzitsua da.
SOINHEZIren memoria tailerrak autonomiari eustea dute helburu, eguneroko bizitzan aplikagarriak diren estrategia ezberdinen bitartez, eta bizi-kalitate ona.
Zahartzaro aktibo, osasuntsu eta mentalki estimulatzaile batek bizitza bete eta aberasgarri baterako ateak ireki ditzake.