Urteak betetzea saihestezina da. Indarra, mugikortasuna edo independentzia galtzea, ordea, ez du zertan hala izan. Ahultasuna ahalik eta gehien atzeratzea eta autonomia ahalik eta denbora luzeenean mantentzea da gakoa.
Hobeto zahartzea ere entrenatu egiten da
Zahartzea bizitzaren parte da, baina pertsona guztiok ez dugu modu berean egiten. Urteak igaro ahala, indarra, mugikortasuna edo eguneroko jarduera batzuk egiteko gaitasuna gal ditzakegu, baina horrek ez du esan nahi saihestezina den zerbait balitz bezala onartu behar dugunik.
Horregatik, prebentzioa hain da garrantzitsua. Fisikoki aktibo mantentzea, indarra eta oreka lantzea, elikadura zaintzea eta bizitza sozial aktiboa izatea dira gure gaitasunak mantentzen eta autonomia handiagoaz gozatzen lagun diezaguketen ohituretako batzuk.
Eta ez du axola noiz ematen diogun lehen urratsa. Beti da une egokia pixkanaka aldaketa txikiak txertatzen hasteko, gure burua zaintzen lagun diezaguten.
Garrantzitsuena prebentzioa da
Garrantzitsua da, halaber, adinari zuzenean ez egoztea gure autonomian eragina izan dezaketen zenbait aldaketa: indarra galtzea, ibiltzeko zailtasunak, erorketak, mina, zentzumenetako zenbait muga edo aldaketa kognitibo jakin batzuk. Seinale horiek garaiz antzemateak lagungarriak izan daitezkeen estrategiak eta babesak bilatzeko aukera ematen du, ahalik eta neurri handienean bizitza aktibo eta independentea mantentzeko.
Izan ere, prebentzioak, hain zuzen ere, hori esan nahi du: zailtasun bat muga handiago bihurtu aurretik jardutea.
Ikasturte berrirako agenda aktiboa
Gehienentzat, iraila hasiera eta itzuleren hilabetea da. Zergatik ez dugu tarte bat ere gordetzen geure burua zaintzeko?
Ideia ona da zerbait errazarekin hastea: gure gustu, interes eta gaitasunetara egokitzen den jarduera bat bilatzea eta ekitea. Gorputz-adierazpeneko, yogako, aretoko dantzetako edo memoria lantzeko tailer bat izan daiteke… Motibatzen gaituen eta beste pertsona batzuekin denbora partekatzeko aukera ematen digun edozein proposamen.
Ez da denbora betetze hutsa. Aktibo mantentzen, gure gaitasunak zaintzen eta gustuko ditugun gauzak egiten jarraitzen lagunduko diguten ohiturak txertatzea da helburua. Udalek zeregin garrantzitsua betetzen dute adinekoengana ongizatea, parte-hartzea eta prebentzioa sustatzeko jarduerak hurbilduz. Horren adibide da Basauriko Udalaren Zahartze Aktiboko Programa.
SOINHEZIn 30 urte baino gehiago daramatzagu zahartze aktiboaren eta prebentzioaren alde lanean, adinekoen gaitasun fisikoak, kognitiboak eta sozialak zaintzera eta indartzera bideratutako proposamenekin.
Izan ere, gogoratzea gustatzen zaigun bezala, kontua ez da bizitzari urte gehiago gehitzea, baizik eta urteei bizitza gehiago ematea.








